Garrantzizko lekuak / Jasokundeko eta sagarrondoko andre maria eliza

Hiria : Hondarribia



 
Eliza hori hiriko hirigune historikoaren erdian dago, harresi zaharren hondakinen gainean. Estilo gotikokoa da, baina Errenazimentuko eta Barrokoko zenbait elementu ere baditu. Mende askotako elementuak ditu eraikin horrek, XV. eta XVIII. mende bitarteko elementuak, alegia. Sakristia XVII. mendeko lehen erdialdean egin zuten, Erdi Aroko hesiaren gainean. Kanpandorrea barrokoa da, XVIII. mendekoa, eta Francisco Iberok egin zuen, bertan lehenago zegoen dorretxe baten gainean.

Tenpluak gurutze latindarreko oinplanoa du, eta hiru nabe, altuera desberdinetan. Koruaren azpiko izar ganga nabarmentzen da. Ganga hori dekorazio aberastasun handiko arku beheratu baten gainean dago, eta, dekorazio horretan, askotariko ikonografia heraldikoa eta erlijiozkoa dago. Azpimarratzekoa da Hirutasunaren irudikapena; izan ere, irudi horrek elkarri lotutako hiru buru ditu, eta, eskuetan, triangelu aldeberdin bat. Zenbait adituren arabera, Iberiar penintsulan geratzen den mota horretako irudikapen bakarra da, eta, agian, Europako bakanetakoa.

Elizak bi sarrera ditu. Sarrera nagusia Kale Nagusian dago. Portada nagusi horren eraikuntza 1566an kontratatu zen, eta, Gotikoaren eta Errenazimentuaren arteko itxura du. Kasetoiz apaindutako arku handi baten barruan dago portada nagusi hori, eta bi zatitan banatuta dago, mainel baten bidez. Mainel horren gainean, taulamendu klasizista bat dago, eta, horren gainean, erdian Jasokundeko Andre Mariaren irudia duen frontoi moduko bat.

Iparraldean, tenpluko zatirik zaharrena dago. Hiru arkiboltako portada bakun bat dago. Arkibolta horiek arku karpanel itxura dute, eta, dirudienez, Gotiko flamigerokoak edo isabeldarrekoak dira. Hortxe dago hiriaren armarri zaharra. Fatxada horretan, elementu interesgarri ugari daude; esate baterako, portada bera, leihoen itxura eta trazeria, eta portadaren gaineko gailurreria. Gailurreria horrek bi altuera ditu, eta, fatxada horretan, ez dago horman zulatuta. Bi atalez osatuta dago: alde batetik, erabat gotikoa den obra, trazeria flamigeroz betetako zirkuluetan oinarritutako dekoraziokoa; eta, beste batetik, obra gotiko horren gainean, landare dekorazio eskematikoko zerrenda bat (argi eta garbi, geroagokoa da, agian, alboko hormen altuera handitzeko egina, bi isurialdeko estalkia jartzeko).

Hegoaldeko fatxadan, lau leihate handiak (horietako bat ez dago ikusterik) azpimarratu behar dira, XX. mendearen hasierakoak, baita azken gotikoko dekorazio zulatuko gailurreria ere. Halaber, fatxada horretako mendebaldeko muturreko behealdean dagoen arkibolta ere aipatzekoa da; eraikuntza helburuz erabilita dago eta, agian, tenplu zaharrekoa zen. Bestalde, eskala errealeko diseinu arkitektonikoko grafittia ere nabarmentzen da; leihate horietako baten azpian dago, harrian grabatuta, eta gailurreriako elementu batzuk eta kanpandorreko erlaitzaren oinplano bat irudikatzen ditu.

Harresia elizaren ekialdeko muturrari atxikita dago, eta, leku horretan, Errondako Pasealekua nabarmentzen da; izan ere, euskarriak zeharkatzen ditu, eta ezin hobe sartuta geratzen da elizaren arkitekturan. Azpimarratu behar da elizako burualdea oso irmoa dela eta babes helburua zuela.

XIX. eta XX. mendeetan zehar, aldaketa handiak gertatu ziren elizan; esate baterako, zurezko erretaula errenazentista - Joanes Iriarterena eta alabastro ingelesezko erretaula gotiko baten ordez jarria - kendu eta, horren partez, beste bat jarri zuten, neoklasikoa. Oraindik ere, sakristian gordetzen dira ordezkatutako erretaula horien zatiak. Horrez gain, zenbait arropa delikatu ere gordetzen dira sakristian; horietako batzuk Felipe IV.aren alaba M. Teresa Austriakoa infantaren eta Frantziako errege Luis XIV.aren arteko ezkontzan erabili omen ziren. Zetaz eta ekialdeko eragin nabariko apainketa aberatsez brodatutako kasulak, kapak eta tiarak azpimarratu behar ditugu.


Informazio gehiago

Monumentu deklaratutako eraikina
Helbidea: Kale Nagusia z/g
Erreserbak eta bisitaldi gidatuak: Turismo Bulegoa. Xabier Ugarte kalea, 6.
Tf. zk.: + 34 943 64 54 58
Fax zk.: + 34 943 64 54 66

E-Mail

Argazkiak Jasokundeko eta sagarrondoko andre maria eliza